XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) enuntziatu zehatza egingo dugu: Unibertsoa infinitua balitz, uniformeki banatuta leudekeen argitasun konstanteko izarrez beteta balego eta geldikorra balitz, ortzia Eguzkia bezain argitsua izango litzateke norabide guztietan.

Izarrak argitasun konstantekoak izan daitezen exigitzean, inoiz itzaltzen ez direla exigitzen ari gara.

Geldikorra dela esatean, berriz, higidura orokorrik ez duela esan nahi dugu.

Begi bistakoa denez, paradoxak proposatzen duen ondorioa ez da betetzen, beraz, ondorio horren oinarri diren lau premisatako bat, gutxienez, okerra da: infinitutasunarena, uniformetasunarena, izarren argitasunaren konstantetasunarena edo geldikortasunarena.

Lehenengoaz ez dugu ezer esango, azken batez, besteen zuzentasuna frogatuz gero Unibertsoa infinitua ez litzatekela onartu beharko genuke paradoxa desegiteko; beraz, beste hiru baldintzak aztertu beharko ditugu.

Uniformetasunaz orain baino lehenago ere hitz eginak gara, printzipio kosmologikoa aipatzerakoan.

Berez ezin dugu baztertu nolabaiteko mugaren batetik aurrerantz astro argitsuak gero eta urriagoak izan daitezkeela eta beraien argitasun-ekarpena murritzagoa izan daitekeela; baina iraultza kopernikarraz gero ez dugu inolako arrazoirik hala denik pentsatzeko.

Azken premisa biak, berriz, gaur egun, Olbers-en garaian ez bezala, ondo dakigu ez direla betetzen.

Izarrak luze bizi badaitezke ere itzaliz bukatzen dute.

Unibertsoa infinitua balitz itzaltzen diren izarrek, agian, bere ordezkoa izan lezaketela pentsa genezake; hala eta guztiz ere, Unibertsoaren geldikortasun ezak erabateko konponbidea eskaintzen digu.